  Ikastola 1977 urtean sortu zen Vianan, guraso eta gazte talde baten ekimenez. Hasieran, bi arazo garrantzitsu izan zituen: lokalik eza eta kokaleku geografikoa, mundu euskaldunaren bazterrean baitago Viana. 1978/79 ikasturtean Ikastolak ateak ireki zituen, 17 ikaslerekin.
Ikastola, eskola nazionala izandako eraikinean sortu zen. Eraikin hura zeharo egoera txarrean zegoen, eta horrek haurrak urtero-urtero ikasgelaz aldatzera behartzen zituen. Ondorioz, Ikastola, alokaturiko etxabe batzuetara aldatu behar izan zuten. Azkenik, Oroz plazako eraikin bateko etxabeak erosi ziren, bertan egoitza berria jartzeko. Haur Hezkuntza baino ez zen eskaintzen garai hartan, eta ikasleek Lehen Hezkuntza egitera beste nonbaitera joan behar izaten zuten. Zalantzaz beteriko urteak izan ziren; baliabideak urriak ziren, eta eguneroko ekinarekin egin behar izan zen aurrera.
1990 urtean, Ikastolaren ibilbidean lehenengo urratsa eman zen. Urte hartan bertan, egoitza berrira aldatu ginen, eta kurtso gehiago eskaini ziren: pixkanaka, antzinako OHOren kurtso guztiak eman ziren. Garai hartako bitxikeria bat: bertan behera utzitako txerri-etxalde batean gela gehiago atondu behar izan genituen, leku falta zela eta.
  Bigarren jauzia, garrantzitsuena, 1992ko Nafarroa Oinez entzutetsuarekin eman zen. Oinez-ari esker, LOGSE-k ezartzen zituen arauak beteko zituen eraikuntza berria egiteko behar zen diruaren zati bat bildu zen; eraikin berriarekin, gure hezkuntza-eskaintzaren kalitateak gora egin zuen.
Hala eta guzti, eraikuntza berria izanik ere, 2005-06 ikasturtera arte ez da Ikastola legeztatzerik izan. Traba legala, zailtasun ekonomikoetan islatu da, Nafarroako eremu honetan euskarazko hezkuntza eskaintzeak berez dakarren zailtasuna areagotuz.
Egoerak baina ez ditu "kalitatezko euskarazko hezkuntzaren" alde egin duten familiak gehiegi gogogabetu; izan ere, Ikastolaren hezkuntza proiektuak geroz eta onarpen handiagoa izan baitu, urtez urte. Gaur gaurkoz, 116 ikasle eta 13 irakasle ditugu. Hezkuntza-eskaintza, 0 urtetik 12 urtera zabaltzen da eta ikasleak inguruko ondoko herrietatik ere etortzen zaizkigu: Logroño, Bargota, Aras, Aguilar Kodeskoa, Mendabia…Gainera, familiek parte hartze handia dute gure ikastetxean, eta hainbat proiektu berritzailetan hartzen dute parte. Beste batzuetan, aitzindari ere badira, teknologia berrien eta hizkuntza aniztasunaren kasuan, adibidez.
  Kondairak dioenez, Ikastolari izen ematen dioten "Erentzungo Eskortak", gau batean eraiki zituen Bargotako aztiak. Vianako Ikastola ez da gau batean altxatu, baina magia asko behar izan du eta beharko du oraindik ere. Magia horren zati bat 2007ko Nafarroa Oinez-ekin jasoko dugu.
|